Pentsatzeko Txokoa: Ainhoa Albéniz

Ainhoa Albéniz (Zarautz, 1995) Ingeniaritza Industrial Mekanikoa (2017) eta Nazioarteko Garapeneko masterra Birminghameko Unibertsitatean (2018).
Duela 4 urtetik ona Indian bizi da, garapen proiektuen koordinatzaile gisa.

ELKARRIZKETA

  • Nola sortu zitzaizun lankidetzarako interesa? Ba al dago nabarmendu dezakezun une edo gertakaririk?

Lankidetzarekiko nire interesa unibertsitatean hasi zen. Nire bizi-gertakari garrantzitsuenetako bat Hegoafrikan bizi izan nintzenekoa da, lehendabizi 2017an 6 hilabetez UNIko ikasleen truke-programaren bitartez, eta ondoren urtebete geroago Hegoafrikako unibertsitateetako arrazakeriaren analisiari buruz master-amaierako proiekturako ikerketa egiteko itzuli nintzenean. Hegoafrika historia lazgarria duen herrialdea da, eta horren ondorioak nabarmenak dira gaur egungo gizartean. Izan ere, nire Pretoriako egunerokoan arrazakeriaren eta desberdintasun ekonomikoaren lekuko izan nintzen. Desberdintasun hauen jatorria kolonialismoan, mendebaldeko inperialismoan eta arraza zuridunen nagusitasunean datza. Nik, pertsona zuria eta Europarra izanik, Europak kolonizatu eta zapaltzen ditugun herrialdeekiko izan beharko lukeen erantzukizuna sentitzen dut, eta beraz, Hegoafrikan bizitzea oso esperientzia garrantzitsua izan zen niretzako pertsonalki eta gaur egun kooperante gisa egiten dudan lanerako.

 

  • Zein izan zen zure lehen esperientzia lankidetzan, eta zer suposatu zuen zuretzako?

Nire lehen lankidetza-esperientzia ICLI Gipuzkoarekin Etiopiako Wukro-ko ur-proiektu bati buruzko gradu-amaierako proiektua izan zen. Hala ere, tokian-tokiko lehen esperientzia Kongoko Errepublika Demokratikoko Idjwi uhartean izan zen, han ere ICLI Gipuzkoarekin ur- eta saneamendu-proiektu batean lanean. Esperientzia biak oso atseginak izan ziren.

 

  • Proiektuetaz hari garenez, zein faktore dira garrantzitsuenak proiektuen emaitzak iraunkorrak izan daitezen?

Nire ustez, proiektuen emaitzak iraunkorrak izan daitezen faktore garrantzitsuenetako bat tokiko biztanleen parte-hartzea da. Ezinbestekoa da bertako herritarrak protagonista izatea proiektuen fase guztietan: identifikazioan, diseinuan, plangintzan, gauzatzean eta ebaluazioan. GGKEak eta kooperanteak kanpo-eragileak gara, beraz ezinbestekoa da herritarren ahotsak erdigunean jartzea proiektua eraginkorra eta iraunkorra izan dadin.

 

  • Kooperazio proiektu baterako erbesteratu bat bidaltzeko ardura izango bazenu, zer jarriko zenioke motxilan?

Gauza materiala ez den arren, moldagarritasun gaitasuna jarriko nioke. Kooperante gisa lan egitean, gureak ez diren kultura, hizkuntza eta lan egiteko modu ezberdinetako pertsonekin lan egiten da testuinguru ezberdinetan; beraz, moldagarria, irekia eta eraman handikoa izatea ezinbestekoa da.

 

  • Lan egiten dugun herrialdeetako beste emakumeen beharrekiko oso sentikorra zara. Nola ikusten duzu gaur egun emakumearen egoera lan egiten dugun herrialdeetan?

Bai Euskal Herrian, bai Kongon, bai gaur egun bizi naizen Indian ere, gizarte patriarkaletan bizi gara eta nahiz eta desberdina den testuinguruaren eta kulturaren arabera, emakumeok indarkeria jasaten dugu. Nire ustez, berdintasunaren bidean aurrera egiteko lan egiten da eta aurrerapausoak ematen ari dira, baina lan asko dago egiteko, eta uste dut erritmo honetan zoritxarrez, denbora asko beharko dela berdintasunera iristeko. Hala ere, garrantzitsua da itxaropena izatea eta berdintasuna eta ekitatea lortzeko borrokan jarraitzea. Gaur egun, 4 urte daramatzat Indian. Azken urte honetan proiektu guztiak koordinatzen ditut hemen eta daukagun proiektu garrantzitsuenetako bat Navdanya erakunde ekofeministarekin da. Proiektuaren izena: Emakumeen ahalduntzea ikuspegi ekofeministatik, elikadura eta hazien arloan burujabetza indartuko dituzten politika publikoen garapenean parte hartzeko.

 

  • Uzte ahal duzu, GGKEek beraien lanaren bitartez garapena modu planifikatu eta eraginkor baten ahalduntzen dutela?

GGKEek garapenaren alde egiten dute, baina lehenik eta behin beharrezkoa da zein garapen-eredu bultzatzen duten zalantzan jartzea. Mendebaldeko herrialdeen garapen-eredu jasanezina errepikatuko duen garapen-eredua? Nire ustez, mendebaldeko GGKEek tokiko GKEak eta biztanleak erdigunean jarri behar dituzte, eta ez mendebaldeko bizitza- eta garapen-eredua errepikatu, baizik eta tokikoa babestu eta sustatu. Erakunde finantzatzaileek eta GGKEek badituzte proiektuek bete behar dituzten irizpide batzuk, hala nola genero-ikuspegia eta ingurumen-ikuspegia. Ados nago ikuspegi horiek beharrezkoak direla eta aplikatu egin behar direla, baina uste dut beharrezkoa dela kritikoagoak izatea gure gizartearekin eta gobernuekin, eta irizpide horiek geure buruari aplikatzea lehendabizi.

Era berean, uste dut erbesteratuok kritikoak izan behar dugula gure rolarekin eta lehentasuna eman behar diogula gure rola ahalik eta txikiena izateari, bertako langileei eman behar baitzaie lehentasuna. Gure lana lagungarria da, eta ezagutzak eta tresnak eman ditzakegu, baina lagundu edo parte hartu nahi badugu ere, ondora pauso bat ematen jakin behar da eta bertako langileak eta biztanleak lehenetsi behar dira.

 

 

Utzi erantzuna