Ainhoa Campo, AFAko Berdintasun eta Giza Eskubideen Zuzendaria

ELKARRIZKETA: AINHOA CAMPO

Politika Zientzietan lizentziatua, Arabako Batzar Nagusietako prokuradore bezala aritu da eta Aiarako alkate izan zen 2011ra arte

 

Zer balantze egin daiteke lurralde historikoko GGKEekin lankidetzan aurreikusitako lan-estrategiei buruz?

Nik uste dut balantze ona dela. Balio erantsi handiko nortasun-ikurrak dituen lankidetzaz ari gara, eta AFArentzat garrantzi handia du gizarte zibileko erakundeekin (GGKE eta tokiko bazkideekin) lankidetzan aritzeak. Funtsen % 80 inguru GGKEen bidez bideratzen da.

Elkartasunean oinarritutako lankidetza da, non tokikotasunaren hurbiltasunak hainbat eragile modu artikulatuan mobilizatzea errazten duen. Gure lurraldeak garapenaren zerbitzura jartzeko duen potentzial guztia hedatu ahal izatea.

 

Nola erantzun du Arabako lankidetzak pandemiaren aurrean? Osasun onaz gozatzen jarraitzen al du [Arabako lankidetzak]?

Ikusi besterik ez dago, zirkunstantzietara egokitzen jakin du eta. Aspaldidanik, AFAk badu tresna bat arabako elkartasuna bideratzeko garapen-bidean dauden herrialdeetan gertatzen diren larrialdi-egoeren aurrean: biztanleriaren joan-etorriak, gatazka armatuen ondoriozko krisiak, urakanak, lurrikarak, goseteak.

Arabako Larrialdietarako Funtsak (AEF) harrera ona du Arabako GKEen artean, azkar jarduteko aukera ematen die, eta azkar jasotzen ditu proiektuak kudeatzeko funts publikoak. Pandemiaren hedapenak osasun-sistema oso ahulak dituzten herrialde eta erkidegoetan sortzen ari den egoera berriak are garrantzitsuagoa egingo du AEFren aldeko apustua, tresna arin gisa.

 

Gaur egungo egoera erabat globalizatuan, baina Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko ezberdintasun argiekin, nola landu nahi da AFAn harreman lokal-global hori?

Aurreko legealditik, Garapenerako Lankidetzaren kudeaketan politika deszentralizatua egiten ari gara. AFAn partekatzen eta aplikatzen ditugun ezaugarri batzuei buruz ari gara. Hau da, elkarrekikotasunaren eta harreman horizontalen bidezko elkarrekiko onura; elkarrenganako trukerako eta ikaskuntzarako aliantzak ezartzea hurbiltasunetik eta partaidetzatik.

 

Erresistentzia matxistak, indarkeriak, larrialdi klimatikoa, gatazka sozialak, ziurgabetasun ekonomikoa. Nola baloratzen duzu GGKEen zeregina gaur egungo egoeran?

Lankidetza deszentralizatuaren ezaugarrietako bat herritarrengandik hurbilago egotea da, gizartearen sormenaz elikatzeko gaitasun handiagoa ematen baitu, bai eta sentsibilizazioan, garapenerako hezkuntzan eta tokiko eta munduko erronkekiko konpromiso handiagoa duten herritarrak bultzatzen laguntzea ere.

Esperientzia berritzailea da lankidetza-proiektu puntualen deialdia, lankidetzarekin zuzenean lotuta ez dauden erakundeei eta GKE txikiei elkartasuna eskuratzeko bide gisa.

 

Nola aplika daitezke AFAtik txertoak, hala nola feminismoa, eragin klimatikoa, ekonomia sozial eta solidarioa, elkarrekiko laguntza?

AFAren ustez, garrantzitsua da Gizarte Eraldaketarako Hezkuntza politikari eustea eta genero-ikuspegia eta giza eskubideak dituzten hezkuntza-ekintzak babestea, herritarren artean konpromiso solidarioko jarrerak sustatzeko. Zalantzarik gabe, erronka garrantzitsua da belaunaldi berriei begira eta elkartasuneko eta lankidetzako politika publikoen aldeko konpromisoari eta laguntzari eusteko.

 

Nazioarteko Garapenerako Lankidetzaren esparrua ezezaguna izaten da herritarrentzat. Nola erakar daitezke herritarrak eta, batez ere, gazteak gai honetan parte hartzeko?

2030 Agendak berak berresten duenez, inor ez da atzean utzi behar, eta zaurgarrienak eta diskriminatuenak diren pertsonengana iritsi behar da, dauden lekuan daudela ere, giza eskubideak gauzatzen laguntzeko. Urteak daramatzagu EHUrekin lankidetza eta nazioarteko elkartasuna Arabako campuseko gazteengana zabaltzeko hitzarmena egiten. Horri esker, garapenerako lankidetzaren errealitatera hurbil daitezke ikastaro, prestakuntza eta esperientzia praktikoen bidez.

 

Zein dira Arabako Foru Aldundiak etorkizunean lankidetzaren arloan izango dituen erronkak?

Lankidetza-politika publiko baten aldeko konpromiso irmoari eutsiko diogu, genero-ikuspegiarekin, eta partaidetza-eremuan modu kolektiboan eraikita. Arabako GGKEei plangintza hobea egiteko aukera ematen dieten urte anitzeko garapen-lankidetzako proiektuak mantentzearen aldeko apustua egiten jarraitzen dugu. Lankidetza-proiektu puntualei eutsiko diegu, GKE txikientzat eta lankidetzarekin zuzenean lotuta ez dauden erakundeentzat elkartasuna lortzeko bide gisa. Gainera, Larrialdietarako Arabako Funtsa (AEF) indartuko dugu, eta Gizarte Eraldaketarako Hezkuntza politika bat mantenduko dugu. Genero-ikuspegia duten hezkuntza-ekintzak ere babestuko ditugu, Arabako herritarren artean konpromiso solidarioko jarrerak sustatzeko.

 

 

 

 

 

Utzi erantzuna